Azaroan jendaurrean zabaldu genuen Mycroft.eus egitasmoa, prentsa-ohar baten, bideo baten eta sare sozialetako mezu batzuen bidez. Eta ikaragarrizko oihartzuna izan zuen bai komunikabideetan eta baita sare sozialetan ere. Baina bideoan gailuari hasteko “Hey, Mycroft” esan behar zitzaiola ikustean, jende asko harritu egin zen eta hainbatek eskaera egin zigun euskarazko izen bat jartzeko.
Gailuak “Hey, Mycroft” aginduari men egitearena behin-behinekoa da, euskarazko bozgorailu adimenduna garatzeko oinarri gisa Mycroft AI proiektu librea oinarri gisa hartu izanak eta honek berez ingelesezko izen eta “esnatze-hitz” horiek ekartzeak eragina. Baina proiektuan parte hartzen dugun kideon asmoa euskarazko izena eta esnatzeko agindua jartzea da.
Aurkezpenaren egunetan, hainbat jendek izenarentzat proposamenak egin zituen: Berori, Morroi, Hitz-ihar, Nko, Mari, Tartalo, Anboto, Txo, Maurizia, Amets… Guztiak oso politak diren arren, denak ez dira egokiak edo baliozkoak. Kontua da gailua “esnatzeko” agindua deitzeko hitz batek eta izenak osatzen dutela eta, beraz, izenak hainbat ezaugarri bete behar ditu gailuak behar bezala funtzionatu dezan eta arazoak eman ez ditzan…
“Hey, Mycroft” esan behar zitzaiola ikustean, jende asko harritu egin zen eta hainbatek eskaera egin zigun euskarazko izen bat jartzeko.
Hasteko, ez da komeni gailuaren izena euskal gizartean ohikoa den izen berezi bat izatea. Pentsa dezagun une batez Maddalen jartzen diogula izena. Imajinatu Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko egungo txapeldunaren etxean, edo EH Bilduko azken hauteskundeetako lehendakarigaiarenean, zenbat aldiz aktibatuko litzatekeen gailua behar ez denean, bizikide edo bisitari edo bideo-deiko solaskideren batek “Aizu, Maddalen” esan duelako!
Bestalde, izena laburregia edota ohikoa izatea ere ez da komeni, elkarrizketa arruntetan esaten diren hitzen barnean egoteko edota kointzidentziak gertatzeko aukera handiagoa baitago izen laburrekin. Demagun, batek sare sozialetan proposatu bezala, Txo jartzen diogula izena, eta esnatzeko agindu gisa ziurrenik proposatzailearen asmoa izango zena, hau da, “E, Txo”. AhatETXO itsusiaren ipuina kontatzen ari direnean sarritan aktibatuko litzateke, eta “Has hecho ya los deberes?” galdetzean berdin, edo telebistan “Estado de Derecho”-rekin betiko matraka ematen dutenean ere bai. Gutxien-gutxienik bi silaba izatea komeni da, eta ahal izanez gero ezohikoak. Zenbat eta luzeago hobe da nahasketak ekiditeko, baina horrek ere badu bere ifrentzua, deserosoa baita gailua aktibatzeko esaldi luze bat esaten ibili behar izatea…
Azkenik, kontuan izan behar da gure bozgorailuaren ezaugarri garrantzitsu bat genero ikuspegia izango duela dela, hau da, ez ditugu ohiko bozgorailu komertzialen jarrera sexistak errepikatu gura eta ez dugu gure morroi adimendunak emakumezko ahotsa eta jarrera menekoa izaterik nahi. Ahal izanez gero ahots neutroa jarri nahi diogu, eta izenak ere ez luke genero markatu bat izan beharko.
Hori guztia kontuan izanik, Mycroft.eus proiektuko lantaldekook esku artean ditugun ideia eta izenak izaki mitologikoen ingurukoak dira, edo teknologia iradokitzen duen izen asmaturen bat, edo bien konbinazio bat… Hala ere, guri ere zaila egiten zaigu aukeraketa egitea eta horretarako laguntza bila komunitatera jotzea erabaki dugu: Txakur Gorriakoek gidatutako prozesu bati ekitera goaz.
Espero dugu laster izena erabakita izatea, eta emango dugu horren berri. Baliteke, gainera, hautatutako izen eta esnatze-hitzaren grabaketa asko behar izatea gailuari hori ezagutzen irakasteko, eta orduan zuen guztion laguntza eskatu beharko dugu!