Mar 11, 2021 | Bloga | 0 comments

Skill edo trebetasunen garapena

Skill edo gaitasunak bozgorailu adimendunak programatuta dituen trebetasunak dira, egin ditzakeen gauzak finean. Adibidez, trebetasun bat irratiarena izan daiteke. Erabiltzaileak irratia jartzeko agindua ematen dio Mycroft-i eta honek, erabiltzailearen kokapenaren edo ezarpenen arabera, irratia sintonizatuko du.

Mycroft AI proiektuan badira zenbait gaitasun. Ingelesez daude garatuta eta asko gaztelaniara itzuli dira. Mycroft.eus-en proiektuan bi helburu edo zeregin ditugu skill-ei dagokienez.

Lehena, Mycroft-en dauden skill-ak euskaratzea eta gure errealitatera ekartzea da. Hau da, eskaera euskaraz bidaltzeaz gain (hey Mycroft, jarri ezazu irratia), euskal irratiak ere entzungo ditugu (Naiz irratia, EiTB irratia…).

Bigarren helburua bozgorailuaren erabiltzaileek izan ditzaketen beharrak aztertzea eta behar zehatz horiei erantzungo dieten skill-ak sortzea da.

Honi dagokionez, nahiko genuke, halaber, komunitateak berak gure skill-ak aldatzea edota behar pertsonalei erantzungo dieten gaitasun berriak garatzea eta Mycroft-en gainerako erabiltzaileen zerbitzura jartzea. Hala, komunitateak berak erabakiko lituzke Mycroft-en funtzionaltasunaren helmugak.