Ots 4, 2021 | Bloga | 0 comments

Mycroft.eus

Euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gai izango den bozgorailu adimendun bat garatuko dugu Elhuyarrek, Skurak eta Talaiosek. Horretarako, Mycroft AI software libreko gailua egokituko dugu, Elhuyarren bi sistema hobetuz eta integratuz: hizketaren ezagutza eta sintesia, biak ala biak adimen artifizialean eta Deep Learning deritzon teknologian oinarrituta garatuak.

Euskara eremu digitalean sendo egon dadin, beharrezkoak dira hainbat eragileren jakintza, ezagutza eta elkarlana. Egitasmo honek horixe du xedea, punta-puntako teknologia garatzeko norabide berean ariko diren erakundeen indarrak metatzea, administrazioaren babes eta laguntzarekin.

Asmo handiko proiektua

Proiektu honek izaera esperimentala duen arren, ikerketa eta garapeneko prozesuaren amaieran, urtebete barru, euskarazko bozgorailu adimendun guztiz funtzional bat izatea aurreikusten dugu. Bozgorailu berria asmo handiko proiektu bat da: erabiltzaileen pribatutasuna bermatuko du, eta genero-ikuspegi egokia izango du txertatuta. Horrez gain, Elhuyarren ahotsaren ezagutza eta sintesia bozgorailuen domeinura egokituko da, eta tokiko gaitasunak garatuko dira, euskarazko bozgorailuak Euskal Herriko albisteak, musika eta erosketak lehenetsi ditzan.

Proiektua

Urtebetez landuko dugun proiektu honek Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz ekimenaren babesa jaso du, eta baita Eusko Jaurlaritzak enpresen I+Ga bultzatzeko duen Hazitek programaren laguntza ere. Errenteriako Udalak Torrekua eraikina utziko du proiektua bertan garatu ahal izateko. Torrekua eraikinean teknologia burujabetza estrategiak garatzeko beharrezkoak diren ekonomia sozialeko harremanak eta teknologia libreen garapenak saretzen ari gara gaur egun hainbat proiektuen inguruan.

Proiektuaren garrantzia neurtzeko, adierazgarria da Europan jaso duen babesa eta laguntza. European Language Grid Europako laguntza-deialdira aurkeztutako Europa osoko 110 proiektuen artean, hautatutako hamarretako bat izan da Mycroft.eus, Espainia eta Frantziako eremu administratiboan bakarra. Hizkuntza-teknologiak bultzatzeko Europako azpiegitura teknologiko handi bat eraiki nahi dute, baliabide urriko hizkuntzei ere lagunduz.