Mycroft.eus proiektuaren garrantzia neurtzeko, adierazgarria da Europan jaso duen babesa eta laguntza. European Language Grid (ELG) proiektuak bultzatutako lehen laguntza-deialdira aurkeztutako Europa osoko 110 proiektuen artean, hautatutako hamarretako bat izan da Mycroft.eus, Espainia eta Frantziako eremu administratiboan bakarra. Hizkuntza-teknologiak bultzatzeko Europako azpiegitura teknologiko handi bat eraiki nahi dute ELG proiektuan, baliabide urriko hizkuntzei ere lagunduz.
ELGren laguntza-deialdian lagundutako proiektuak 2020-2021 ikasturtean garatu beharrekoak dira. Beraz, Mycroft.eus-en garapen fasea 2020ko abuztuan hasi eta 2021eko uztailerako amaituta egon behar da. Amaitutakoan, proiektuaren emaitzen eta ELGren zabalkundea egitea da eskakizunetako bat, eta baita proiektuan garatutako hizkuntza-teknologietako batzuk ELGren web azpiegituran eskuragarri jartzea ere.